Museoaren historia - arkeologiamuseoabibat
Ficha Historia museo arqueologia eu
Museoaren historia
Arabako Arkeologia Museoaren jatorria aspaldikoa da. Eraikitzeko lehen ahaleginak XVIII. mendean egin ziren, bertako zenbait jakitun eta bildumagileren ekimenari esker, hala nola Diego Lorenzo Prestamero edo Joaquín José Landazuri esker. Horiek, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen sorreran ere parte hartu zuten.
Egilazko trikuharria aurkitzearen ondorioz, 1832. urtean, arkeologiarekiko interesa handitu zen. Ikertzaile askok Arabatik ikertzeari eta indusketak sustatzeari ekin zioten, eta horri esker, lehen bildumak partikularrak sortu ziren. Horien artean nabarmentzen da Federico Baraibarrena, zenbait aztarnategitako materialak bildu zituena, XX. mendearen hasieran, berak "Museo hasiberria" esan zion museoa sortzeko, antzinako Ramiro de Maeztu institutuan, gaur egun, Eusko Legebiltzarraren egoitza dena.
Aurrerago, Arte eta lanbide eskolan gorde zituzten Enrique Eguren eta Joxe Migel Barandiaranek beren indusketetan bildutako materialak. Ikerlari horiek izan ziren Euskal Herriko arkeologia modernoa hasi zutenak, Telesforo Aranzadirekin batera.
Gerra Zibilaren ondoren, Arabako Foru Aldundiak eskatuta, probintziatik sakabanatuta zeuden funtsak Augustin jauregiko bi aretotan bildu zituen Domingo Fernandez Medranok, eta "Arabako etxea" esan zioten.
Azkenean, indusketa kopurua eta bildutako materialen bolumena handitu zenez, 1965. urtean tokiz aldatu ziren, Gebara-Gobeo-San Joandarren etxeko eraikinera, hirigune historikoan. Hor, arma bildumarekin batera egon zen erakusgai zenbait urtetan, baina azkenean, 1975. urtean, Arabako Arkeologia Museoa sortu zuten eraikin hartan bertan, gaur egungoaren aurrekoa dena.