Detektagailuak

Detektagailuak

Metal detektagailuak erabiltzea

Metal detektagailu bat erostea pentsatzen ari naiz; legala al da? Ba al dago metal detektagailuak erabiltzeko murrizketarik?

EZ EROSI. Metal detektagailuak baimenik gabe erabiltzea ondare arkeologikoa HONDATZEKO eta ESPOLIATZEKO modu bat da.

Erabat debekatuta dago zona arkeologikoetan*. Soilik Araban 4.000 aztarnategi baino gehiago daude dokumentatuta, beraz, baliteke detektagailua erabiltzea delitua den leku batean erabiltzen aritzea.

Detektagailua ezagutzen ditugun zona arkeologikoetatik kanpo erabiliz gero, ondasun arkeologiko bat aurkitzen duzun unean jarduera oro eten behar duzu, Arabako Arkeologia Museoari berehala jakinarazi behar diozu eta aurkitutako ondarea leku horretan bertan utzi behar duzu.

Ezin duzu objektua zeuretzat gorde, ondasun arkeologikoak jabari publikokoak baitira, eta ez duzu inolako konpentsaziorik eskuratuko aurkikuntzagatik, Euskal Kultura Ondarearen 6/2019 Legean EZ baita horrelakorik aurreikusi.

Horrez gain, Araban aurkitutako objektu arkeologiko guztiak BIBAT Arabako Arkeologia Museoan gorde behar dira, gure lurraldeko material arkeologikoen gordailu ofizialaren zentroan, alegia. Ez entregatzea oso arau hauste larria da, eta 1.000.000 eurora arteko isunak eragin ditzake.

1985az geroztik aurkitutako material arkeologikoen salmenta erabat debekatuta dago.

Testuingurua dokumentatzeko eta objektuak eta egiturak ateratzeko berariazko metodoa eskatzen duen zientzia da arkeologia.  Metodologia hori jarraitzen ez bada, datu berreskuraezinak galdu egiten dira, hain zuzen ere aurkitutako objektuak bezain baliotsuak edo are baliotsuagoak izan daitezkeen datuak.

Beraz, gogoratu:        

  • Ondare arkeologikoa ondo dago dagoen lekuan. Ehunka edo milaka urtez biziraun du, eta ez dago arriskuan kontrolatu gabeko lur mugimendurik ez badago.
  • Historiaz eta naturaz gozatzeko modu asko daude. Arabak bisitatu beharreko ehunka leku zoragarri ditu, paseatzea eta gozatzea besterik eskatzen ez dutenak. Gure iragana deskubritzeko museo zoragarriak, milioika liburu eta online baliabide ugari dituzu eskuragarri.

* Arabako Foru Aldundiaren baimena eduki ezean, lurzorua iraultzen duen prospekzio geofisikoa baita.