Eduki publikatzailea

Zehatz-Mehatz: Antxerikueta aztarnategia

BIBATeko sarrera

Antxerikueta Urrunaga urtegiaren mendebaldeko ertzean dago, Larragorri mendiaren hego-mendebaldeko magalean, itsas mailatik 736 metro dituena. Otxandio ibaian bere urak isurtzen dituen Txorroerrekaren ezker ertzean kokatzen da. Otxandio eta Undabe ibaiek bien artean betetzen dute Urrunagako urtegia beren urez.

 

Gune horretan, Otxandio ibaiaren arroa itsas mailatik 540 metro ingurura dago, alegia, Atxerikueta baino 5 metro inguru beherago kokatuta. Urtegia eraiki baino lehen, ibaia haran estu batetik igarotzen zen, 5 kilometro baino pixka bat gehiago luze eta 87 eta 408 metro artean zabal zena. Leku pribilegiatua da: eguteran ondo orientatuta dago, ipar haizeen haize-ezkutuan eta animalia espezie anitzen ura edateko leku naturala izango zen ingurune batean.

 

Aurkikuntza

Grabatutako uharria, beste harri landuzko artefaktu eta erreminta ugarirekin batera, Tomas Urigoitia Ajuria-k aurkitu zuen, joan den mendeko 80ko hamarkadan.

Urtegiaren ertz batean izan zen, Antxerikueta sakanaren toki hurbil batean, zeinetatik hartzen duen izena aztarnategiak.

 

 

Grabatudun konprimagailu-ukigailua

Apaindutako pieza hau kareharrizko errekarri edo uharri bat da, inguruan jasotakoa eta burdin oxido ugariduna.

Konprimagailu-ukigailu gisa erabili zen: beste harri eta lehengaiak kolpe eta presio bidez lantzeko erabiltzen zen erreminta, bestelako tresnak egiteko. Uharri dekoratuan, erabilera markak ditu, bai bizkarraldean —goian ezkerrean eta behean eskuinean— bai piezaren behealdean —hor ere goian ezkerrean eta behean eskuinean—; bai eta alboetan —ezker nahiz eskuin aldeetan—.

Era berean, uharriaren goialdean bihurgunedun lerro bat dauka grabaturik, hainbat alditan errepikatu zena, antzeko ibilbidea eginez eta, ondorioz, ildo anizkoitza sortuz. Dudarik gabe nahita egindako marra hori, zehaztugabeko animalia baten bizkarraldeko lerrotzat har daiteke. Marrazkia ez zen osatu, ez baitira marrak ikusten uharriaren beste tokietan, zeintzuetan irudiak jarraitu beharko lukeen. Ez da objektua hondatuta dagoelako, baizik eta irudia beharbada bertan behera utzi zuten, ezin zutelako figura uharrian osorik marraztu, bereziki burua.

Araban orain arte aurkitutako arte higikorreko objektu bakarra da.

 

 

 

Harri bilduma. Kronologia

Grabatutako uharria agertu zen tokian, guztira, harrian landutako 1741 aztarna aurkitu ziren.

Lurrazalean jaso zirenez, aurkitu ziren batzuek bakarrik eman diezagukete noizkoak direnaren berri.

 

Antzinako Paleolito Aroko 24 objektuak eta Paleolitiko ostekoak alde batera utzita, Antxerikuetan jasotako beste pieza guztiak Goi Paleolito garaiko zenbait aldietakoak dira. Talde horretan karraskailuak eta horzdun tresnak dira nagusi.

Dena den, esanguratsuena 156 piezako tresna multzoa da, data zehazten duena: Goi Paleolitoaren amaiera, alegia, Madeleine aldiaren bukaera, duela 11.500 urte inguru.

 

Informazio gehiagorako ikus Munibe Antropología-Arkeologia 75.

 


 

Erakusketaren liburuxka

Data
Uztailaren 15etik urriaren 26ra
Kategoria
Aldi baterako erakusketa
Lekua
BIBATeko sarrera
Helbidea

Aiztogile kalea, 54

Udalerria
Gasteiz

Antolatzailea – Kolaboratzailea

BIBAT · Arabako Arkeologia Museoa