San Joan aldi baterako erakusketa - arkeologiamuseoabibat
Eduki publikatzailea
Zehatz-mehatz: San Joan Ante Portam Latinam: hezur eta paradigma hautsiak
1985ean, bide bat zabaltzeko lanetan, gorpuzki ugari aurkitu zituzten Guardiako hego-ekialdetik 2,7 km-ra. Talde hobiratze batekoak ziren, bide ezpondako haitz baten babesean zegoena, lauza batek itxita.
Aztarnategia hiru kanpainatan induskatu zuten, 1985, 1990 eta 1991 urteetan. Gutxienez 338 pertsonaren hezurrak aurkitu zituzten. Gehienak gizonenak ziren, eta indarkeria zantzuak zituzten: gezi puntek eragindako zauriak, ebakiak eta kolpe handiak. Azterketa arkeologikoak ondorioztatu zuen Neolitikoaren amaieran, duela 5.200 urte inguru, gertatu zen indarkeriazko gertakari baten aurrean geundela.
Alabaina, galdera batzuk airean geratu ziren: denak batera hil ziren sarraski batean?; orduan, zergatik zeuden batez ere gizonen gorpuak?; nola egokitzen dira teoria horretan orbaindutako zauriak? Galdera horiei erantzuteko, 2016an Teresa Fernández Crespo buru zuen talde batek berriro ekin zien ikerketei, eta 2023ko azaroan argitaratu ziren lehen emaitzak.
San Joan Ante Portam Latinam-en lurperatutako pertsonak ez ziren hil talde baten sarraski puntual baten ondorioz; badirudi indarkeria gertakariak jarraituagoak izan zirela denboran, eta litekeena da eskualde osora iritsi izana. Beraz, Europan izandako gerra baten lehenengo lekukotzetako bat dugu, orain arte uste zena baino ia 1.000 urte lehenagokoa.