Eduki publikatzailea

Euskal Herriko Erdi Aroko gazteluak: lurraren zaindariak eta boterearen ikurrak

Euskal Herriko Erdi Aroko gazteluak: lurraren zaindariak eta boterearen ikurrak

BIBATera ekarri dugu Bizkaiko Arkeologi Museoak sortutako Euskal Herriko Erdi Aroko gazteluei buruzko erakusketa; zeinetan, orain dela 1.000 urte gazteluetako bizitza eta gazteluek betetzen zituzten funtzio militarrak, politikoak, sozialak zein ekonomikoak ezagutarazteko, lurraldeko hainbat gaztelutan egindako indusketa arkeologikoetan aurkitutako pieza eta objektu esanguratsuak erakusten diren.

Pieza horiek honako museo hauek utzitakoak dira: Bizkaiko Arkeologi Museoa, Bilboko Eleiz museoa, Euskal Museoa, Arabako Arma Museoa, Gipuzkoako Gordailua eta Medina de Pomarreko Merindadeen Museo Historikoa, Arabako Arkeologi Museoaren (BIBAT) objektuekin osatuta.

Erakusketaren komisarioak eta erakusketako testu guztien egileak dira Iñaki García Camino, Arkeologi Museoaren zuzendaria, eta José Ángel Lecanda, Deustuko Unibertsitateko irakaslea, arkeologian doktoreak eta adituak.

Mendeetan zehar ahaztuta izan ondoren, XIX. mendean, alegiazko iragan loriatsua eta epikoa argiztatu zuten argi bihurtu ziren gazteluen aurriak. Gaur egun metodologia zientifikoa erabiltzen da gazteluak aztertzeko, hala nola arkeologia, eta horri esker, eraikuntza horien errealitate konplexua ezagutzen ari gara.

Gazteluak, elizekin batera, Erdi Aroko paisaian nabarmentzen ziren eraikuntzak izan ziren. Erresumen arteko gatazketan biztanleak etsaiengandik babesteko eraiki zirela uste dugu gehienetan, baina arkeologia erakusten ari den moduan, ikuspegi hori oso partziala da. Erresumak, jaurerriak eta ondarea zaintzeaz gain, boterea erabiltzeko eta irudikatzeko eraikuntzak izan ziren gazteluak.

 

Castillo de LanosOcioko Lanos gaztelua. Argazkia: Iñaki García Camino

 

Kondaira eta Historiaren artean

Jende gehienak eraikuntza gotortu horien irudi ideal bat dauka, denboraren laino artean marrazten dena: dorre eta lubanarroa, harresi eta ziegak… festa handietarako eta balentria heroikoetarako tokia osatuz.

Dena den, hein batean definizio hau egokia den arren, irudi orokor bat baino ez da, argazki finko eta anakroniko baten gisako oroitzapen erromantiko bat. Erdi Aroa mila urteko aldi bat izan zen, gure aroko V. eta XV. mendeen artekoa, eta denbora luze horretan aldaketa sozial eta kultural sakonak izan ziren; beraz, “gaztelu” kontzeptuaren errealitate materialak ere, halabeharrez, aldaketa garrantzitsu horiekin batera ere aldatu egin zen.

Gaur egun, arkeologiari esker, bere forma, bilakaera funtzionala eta esanahi historikoari buruz zehatzagoak izan gaitezke.

Erakusketan, gaztelu, dorre eta gotorleku mota desberdinak ikusi ahal izango dira.

 

Gazteluen garaia

Gazteluen distira garaia XI. eta XIV. mendeen artean izan zen, garai feudal bete-betean, biztanleen zati batek otoitz, beste batek borroka eta gehiengoak aurreko horiek mantentzeko lan egiten zuen gizarte-antolaketa ezarri zenean.

Gerlariek zeukaten indarkeriaren legezko monopolioa, eta haiek izan ziren gazteluak eraiki eta boterearen ikur bihurtu zituztenak.

Taldea ez zen homogeneoa. Errege, konde, jaun, zaldun eta kapareek osatzen zuten. Guztiek ez zuten ondare berbera, ezta gizarte-maila berbera ere, baina eskupeko, donazio, ezkontza, itun eta, behar baino gehiagotan, gerretan oinarritutako lotura pertsonaleko sare konplexuen bidez erlazionatzen ziren.

 

Castillo de NograroNograroko dorrea (Gaubea). Argazkia: Santi Yaniz

Defentsarako talaietatik jauregi-egoitzetara

Lehenengo gazteluak talaia hutsak, zaintza-postuak edo igarobide eta amildegietako itxiturak izango ziren. Batzuk harrizko basamentuz sendotuta egon arren, gehienek egurrez edo lurrez soilik eraikita izango ziren.

1.000. urtetik aurrera gazteluak herrietatik urrun eraiki ziren, lautu behar izan ziren malda handiko gailur malkartsuetan. Harrizko harresiek mugatutako esparru txikietan dorre karratu edo zirkularrak, eta zaintzaz arduratzen zen garnizioaren biziraupenerako beharrezkoak ziren biltegiak, lantegiak, sutegiak eta uharkak biltzen zituzten.

Gaztelu bakan batzuk populazio-guneak edo foruak zituzten errege-hiribilduak menderatzeko eraiki ziren. Aurrekoak baino konplexuagoak ziren, jaunen edo erregeen egoitza ere izan baitziren, eta bere baitan, harresi eta lubanarroz mugatutako zenbait eraikin zituzten, besteak beste dorreak, jauregiak, elizak eta etxebizitzak; horren adibide dira Portilla eta Rada.

XIII. mendean eta, batez ere, XIV.ean, sistema feudalaren krisiaren ondorioz, euskal lurraldeetako leinu nagusiek goietako antzinako gazteluak pribatizatzeari eta bidegurutzeetan, portuetan, ibai-ibietan, zubietan, hiribildu eta herrixketan beren dorreak eraikitzeari ekin zioten.

 

 

Babes-eraikinak, aginte-gune eta boterearen ikur

Gaztelu baten lehenengo funtzioa, oinarrizkoena, erreinu baten eta haren lurraldearen defentsa izan behar zuela dirudi. Islamaren mugakidea izan zen Iruñeko erreinu hasiberrian eta Kordobako emirrek aldian-aldian bidalitako azeifen erasoak pairatzen zituen Arabako lurraldean, gazteluak eraiki behar izan zituzten, baina ia ez ditugu ezagutzen.

XIII. mendean, Nafarroa eta Gaztela arteko muga babesteko; XIV.ean, Bizkaiko jauntxoen eskubideak erregeen asmoen aurrean babesteko, edo XVI. mendearen hasieran Nafarroako erresuma zaharra desagertzea eragin zuten Gaztelako tropen azken erasoei aurre egiteko gotorlekuei buruz gehiago dakigu.

Edonola ere, jaunen boterearen erdigune ziren; izan ere, errege, jaun eta gerlariek lurralde baten gaineko menpekotasuna bermatzeko, bere estatus sozial pribilegiatua erakusteko, nekazariengan derrigortze armatua ezartzeko eta ez zegozkien errenta eta eskubideez jabetzeko eraiki zituzten.

Gazteluek paper garrantzitsua izan zuten populaketaren antolaketan ere: kasu batzuetan haien altzoan eta, are, harresien barruan pilatuz. Beste batzuetan, gune politiko eta administratibo bihurtzean alfoz edo tenentzia modura hierarkizatuz. Eta beste batzuetan, herri eta hiribilduen barruan kokatuz, gobernu eta aberastasun-iturri urbanoen gaineko kontrola bermatzeko.

Azkenik, jaunen egoitza izan ziren, eta haien bitartez erregeek bere botere politikoa eta bere jaurgoen nobletasun handia finkatu zituzten. Haietan, gorte egoki bat bildu zuten, tregoak itundu, ezkontzak adostu eta gerrak hasi zituzten sistema iraunarazteko.

 

Castillo de MaruteguiMarutegi

 

Gerrarako arma eta ezkutua

Erdi Aroko gerretan gaztelua izan zen funtsezko elementua, hura konkistatuta edo defendatuta borrokan ari ziren alderdietatik baten edo bestearen alde egingo baitzuen balantzak. Baina gaztelu bat konkistatzea ez zen erraza, izan ere, urri ziren setioak eta zurezko dorreen eta katapulten bidezko erasoak, garestiak eta denboran eusten zailak zirelako. Eskuarki erregeek bultzatutako kanpaina gutxi batzuetan saiatzen ziren halakoak konkistatzen, edo intentsitate handiko gerretan.  

Hasieran, pasiboa izan zen gaztelu baten defendatzeko gaitasuna: aurkintza malkartsua, horma lodiak eta, geroago, dorre sendo bat. Denboraren joanean hobetu egin ziren; lehenik defendatzeko solairu zentrokideekin, eta geroago, defentsa aktiboko sistema bat antolatuz, adarbe, almenak, harresi aurrekoak, alboetako dorreak, saieterak, matakanak eta beste elementu poliortzetiko batzuk. Gero eta arkitektura sofistikatuagoa, batik bat gune zaurgarrienetan aplikatua, hala nola ateetan. Iberiar penintsulan XIII. mendetik aurrera orokortu ziren halakoak.

Indarrez hartzeko, hormetaraino hurbildu behar zen, ahari buruekin edo minekin suntsitu behar ziren, edo zurubien bidez igo, eta horrek heriotza ugari eragiten zituen. Horrexegatik, ez bazen negoziazioaren bidez gazteluko egoiliarren amore ematea lortzen eta ez bazen gotorlekua erasotzaileen esku uzten, eskuko kolpe bat ematea zen erasorik eraginkorrena.

Gaztelua setiatzekotan, lehenik eta behin inguratu behar zen gotorlekua. Hasteko, erasotzeko tresna eta egitura batzuk eraikiko zituzten, edo galeriak irekiko zituzten hormetako zimenduak ahultzeko.

Baina defendatzeko egitura arrakastatsua izanik, gazteluak izan ziren Erdi Aroko gerretan protagonista nagusiak, borroka irekiak edo landa guduak baino gehiago, azken horiek urriak, ez erabakigarriak eta betiere arriskutsuak jokaldi bakar batean dena galdu zitekeelako. Aitzitik, gaztelu batean, gizon talde batek aurre egin ziezaiokeen armada handiago bati, eta azpiratu ere egin zezakeen.

 

 

 

Borrokaldien arteko bizimodua

XI. mendeko gazteluak ez ziren jaunen egoitzak, gazteluaren jabe zen errege edo jaunaren izenenan jarduten zuen garnizio baten (zaldun eta gerlari-talde txiki batez osatuta) egonlekuak ziren. Garnizio horiek lan egin behar izaten zuten bizirauteko: besteak beste, janaria prestatu, armak konpondu eta prestatu eta abereak zaindu. Hala ere, aisiarako denbora ere bazuten, adibidez dadoetara jolasteko. Gizonezkoen mundua izan arren, geroagoko dokumentazioari ezker dakigu emakumeek gazteluak mantentzen lagunduko zuten, besteak beste ura, elikagaiak eta beste material batzuk garraiatuz..

Erdi Aroan aurrerago, XIII. mendean, jaun feudalak gazteluez jabetzen joan ziren heinean, edo eraiki zituztenean, egoitza gotortu bilakatu ziren.

Nafarroako erregeek bere egoitza Iruña, Tebas edo Oliteko gazteluetan ezarri zuten denbora batez. Jaunik apalenek lurraldean sakabanatutako dorre ugarietan.

Horietan etxekoandrea bizi zen seme-alabekin, neskame eta morroiekin eta are basailuekin, leinuaren buruaren, Ahaide Nagusiaren, begirada zorrozpean. Haietatik kudeatzen zituzten errentak eta ondarea, eta haietan ixten zituzten ezkontza-itunak, sinatzen zituzten kontratuak, ospatzen zituzten jaiak eta hotsandiko ekitaldiak, atxilotzen zituzten etsaiak, eta haietan ere irakurri eta idazten zuten, Lope Gartzia Salazarren antzera.

Egoitzak izan arren, ez ziren erosoak eta altzariak ere ez ziren asko, baina bai erabilgarriak. Hauek osatzen zuten arropa, janaria, apaindurazko eta arrandiazko objektuak, armak eta eskriturak gordetzeko neurri askotako kutxak; ohe xumeak zerbitzarientzat eta errezelez estaliak edo zurezko oholez itxiak jaunentzat; astoen gainean oholak jarriz osatutako mahaiak, eserleku eta aulki gutxi batzuez inguratuta; zurezko, zeramikazko eta metalezko baxera gelatan sakabanatuta, baina batez ere sutondotik hurbil, hormetan bertan irekitako arasetan jarrita, eta lanabesak.

 

 

Iluntasunetik argira

Erdi Aroaren amaiera aldera, gazteluak zaharkituta geratzen hasi ziren, bai taktika militar berriei erantzuten ez zietelako, bai kokaleku eta eraikin erosoagoak bilatze hutsagatik, bai errege eta jaunek beren nagusitasuna inposatzeko beste modu batzuk aurkitu zituztelako, Aro Modernoko monarkia absolutisten politikarekin bat zetozenak.

Ordutik, herrialdeko gazteluak iraganaren itzal bihurtu ziren, eta haien izanaren oroitzapena ere galdu egin zen: hondatutako harresiak eraikin berrietarako harrobi gisa erabili ziren, dorre batzuk jauregiak eraikitzeko eraitsi ziren eta beste batzuk errentarien familiek okupatutako laborantza-etxe deseroso bihurtu ziren. Horregatik, Erdi Aroan Baskonia mendean izan zuten gaztelu haietatik ia ez da eraikinik geratzen. Dena den, iturri idatziei eta arkeologiari esker ezagutzen ditugu gaur egun.

Besteak beste, Rodrigo Ximenez Rada (1170-1247) artzapezpikuaren, Pedro Lopitz Aiala (1332-1407) kantzilerraren eta Lope Gartzia Salazar (1399-1476) bandokidearen kroniken moduko iturri idatziak. Baita Nafarroako Artxibo Orokorrean, Simancasekoan eta Espainiako Artxibo Historiko Nazionalean gordeta dauden agiriak ere: akta, kodize, pergamino,diplomak, kontu-liburuak eta planoak.

Baina arkeologia izan da gazteluen ikuspegi erromantikoa eta epikoa zuzendu duena, jatorrizko ezaugarri formalak fisikoki ezagutzea eta denboran behar bezala kokatzea ahalbidetu baitu; baita gizon eta emakume haien eguneroko bizitzari buruzko material ugari berreskuratzea ere: zeramikazko zatiak, burdinazko erremintak, armak, apaindurazko objektuak eta elikagaien hondarrak. Horiek guztiek erresumen eta jaurerrien baliabideak kontrolatzen zituzten elite feudalen gustuetan, interes ekonomikoetan, anbizio politikoetan eta ustiapen-sistemetan gertatu ziren aldaketak islatzen dituzte.

 

Castillo de PortillaPortillako gaztelua (Zambrana). Argazkia: Santi Yaniz

 

Erakusketan izaera desberdineko 150 pieza original baino gehiago ikusgai daude. Museo eta zentro desberdinetatik ekarriak izan direnak. Hauen artean, Gordailua (Gipuzkoako Material Arkeologiko eta Paleontologikoen Gordailu Zentroa), Bibat Arabako Arkeologia Museoa, Arabako Arman Museoa, Merindadeen Museoa (Medina Pomar), Euskal Museoa eta Bizkaiko Eleiz Museoa eta Arkeologia Museoa dauzkagu,

Erakusketa bideoekin osatzen da, batean, lurraldeko 10 gaztelu eta dorretxe esanguratsu txiro-begiz ikus daitezke, Bizkaian, Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian sakabanatuta dauden beste hainbeste gotorlekuren berrogeita hamar bat irudirekin batera. Besteak, garaiko gerra-gatazka bat irudikatzen du.

Aldi baterako erakusketa

SARRERA DOAN

contacto museo BIBAT

Aiztogile kalea, 54

01001 Vitoria-Gasteiz

 

contacto museo BIBAT

945 203700

945 203707